XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txikiena izan be-ta, uzkarrumeak sein, neba-arrebarik gazteena gehienetan ondu ta gozartu ohi dituen bigunkeria ta parkatute ugariegi ezagutu zituan.

Behin baino sarriago, etxekoak euren zereginetan ziharduelarik, goiz erdian nahi goiz beranduan, etxeko sukaldera heltzen zan, amaren alde-unadak zelatean zainduaz.

Eta orduan, lapikoan egon eitekean ongarria atara okela, urdai, makilau eta abar, eta zatitxu mardoak bere aho gozagarritzat behingoan urdaileratuaz, barriro isil-isilik eta ardura haundiz utzi ohi zituan, lapikoen eta enparaukoen estalkiak, barruko janarien batzar usaintsuak bake-baketan bailirauan iraungo baleu legez.

Amaren begietan, batzuetan, jaki ongarriok murritzak eta mehaztuak zirudien, baina suaren lanak eginiko urritzea izango zalakoan egoten zan.

Gazunaskako okela gatzetan ipintzeko erabili ohi dan kaxa haragia, zezina, horixe jakon atseginen Nikanorren osabeari.

Behinola, lobeak osabeari berari entzuna, zezinzati batzuk jan ostean, hareen ordezko ta truke, berak apartean gerturiko zezin-aizuna edo sasi-zezina, merkeago beti bere, sartu ei eban lapikoan, eta ezetariko kezkarik bage, egin bere: sagua, aurretiaz hil eta narru gorrian gatz emonda jarria.

Osaba haren bizitza-lerroaren zati honeexek, lorratz sakona egin eutsan bihotzean eta kolkoaren hondarretan, eta haren buruak argiro gorde ohi eban, batez bere, umezaroko urte-sail luzean.

Hauxe zan: soldau joan beharreko ordua heldu jakon osaba hari, artean euskaldunak hareen laterriko lege nagusi horren azpian buztarripetu barriak izan ziralako.

Bizimodu noraezeko horren zaletasun erbatzik txint, arean bere, ez izan, ba, haren osaba zuhurrak!.

Bildurra eutsan aldikada hari, gosez hornidua gehienbat, garbitasunez eskasa, etxetik urrundua, amaren gonapetik asago urrun aldegin behar mingotsa.

Eta zer egingo, zer ez egingo, dapa!! erabagi zehatz eta sustarrekoa hartu eban.